2013/03/27
2013ko Aberri Eguneko Manifestua
2013KO ABERRI EGUNEKO AGIRIA
Melbournetik Suaren Lurraldera. Durbanetik Shangaira. Lur planeta honetako Iparraldetik hegoaldera, mendebaldetik ekialdera, munduan bizi den euskal jendeak igandean ospatuko du Aberri eguna, Euskal Aberriaren Egun Handia. Abertzale izan ala ez, egun hori da hainbatentzat, Euskadi gogoan izateko eguna, mendeetan zehar bere nortasun ezaugarriak bizirik mantendu izan dituen herri txikia, inguruan agertu zaizkion eragozpen, oztopo eta arazo guztiak gaindituz.
Aberri Eguna da euskal nazioaren eguna. Gaur eta hemen, Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzen dugu, Araba, Bizkaia, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa,Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeek osatzen duten nazioa delakoan. Era berean aldarrikatzen dugu, mundu zabaleko gainerako herri eta nazioen gisara, gure etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko dagokigun eskubidea.
Nazio garen aldetik dagozkigun eskubideak ukatzetik dator euskal gatazka politikoaren sorburua; eta, gure talde nortasuna, osoko eskubidea duen subjektu politikoa eta bere erabakimen askea aitortua izateko abiapuntua.
Euskal Aberriaren Eguna ez da inoren kontra egiteko ospakizuna, ez eta nazio nortasunen arteko aurkaketarako handikeria ere.Nazio bat aldarrikatzea da, Euskal Nazioa, hiritarren gehiengo batez, bere esparru juridiko-politikoa askatasunez aurkitu nahi duena.
Gure talde nortasuna garatzeko askatasuna, gure seme-alaben etorkizunari ekiteko orduan nahi dugun egitasmo politikoa erabakitzeko askatasuna; erkidego ireki, anitz eta solidarioa osatzeko askatasuna, inolako bazterketarik gabe, bertan parte hartu nahi duten guztiak barnean hartzeko.
EAJ-PNVk nahi duen talde nortasun egitasmoa demokrazian oinarritutako egitasmoa da, solidariotasun sozialean errotutakoa, europar gizatiartasunetik abiatuta; euskara eta euskal kultura berreskuratzeko ekimenean, beste kultura batzuekin etengabeko elkarrizketan eta ekonomia aurreratuan sustraitua, eszenatoki globalean lehiatu ahal izateko.
Eta gaur, euskal nortasun kolektiboa, giza garapenerako faktore gisa aldarrikatu nahi dugu; solidariotasunean garatutako etorkizunaren garapena, pertsonak babesik gabe uzten dituen norberekeriaren aurrean; denon ongiaren aldeko apustua egiten duen, eta hazkunde kultural, sozial eta politikoa defendatzen duen baloredun gizartearen garapena. Mundura zabaltzen den erkidegoaren garapena, bere eraginaren bidez hazten den gizarte taldearena.
Nortasun kolektiboko gure egitasmo hau, euskal aberria helburu dugun egitasmo hau, demokrazia mesprezatzen dutenen egitasmoaren aurka dago; inposaketan sinesten duten horienaren aurka; gizartean etsipena zabalduaz, eredu totalitarioa bultzatu nahi dutenen egitasmoaren kontra; denon erakundeak egitasmo alderdikoietarako erabiltzen dituztenen helburuen aurka.
Euskal Aberri horren defentsan, euskal jendeak beren odol eta haragitan bizi izan du hainbat bortxakeria eta sufrimendu. Eta, Euskal Aberri horren izenean ere, hiritargoaren zati bat jarri izan da terrorismo eta jazarpen doilorraren menpe.
Gaur, zorionez, bakezko aldi berriaren abiapuntuan gaude. Oinarri sendo eta irmoak finkatu beharko ditugu bakea eraikitzeko eta elkarbizitza berria bilbatzeko. Gu guztion egitekoa da hori, emakume eta gizonena, gazte eta nagusiena, herri ordezkari eta gizarte eragileena. EAJ-PNVk adierazten du hau, eta gauza guztien gainetik esan nahi du ideiarik edo egitasmo politikorik ez dagoela, defentsarik edo bidegabekeriak salatzerik ez dagoela, Estatu arrazoirik ez dagoela, giza duintasunaren gainetik dagoenik. Oinarri etiko hau da Eusko Legebiltzarraren ondare. Kontzeptu horretan sakondu nahi dugu geroan, herri osoak bere egin dezan giza eskubide guztien defentsa; eta ezer baino lehen, bizitzeko eskubidea.
Pertsonak dira herria osatzen dutenak, eta oinarrizko eskubideak dira pertsona horiek elkartzeko dauden erakunde, organismo edo elkarteak eraikitzeko zimenduak. Horregatik gaur, inoiz baino gehiago, orain aldian eta geroan, bortxakeriarik gabeko elkarbizitza garatzeko aurkezten zaizkigun aukeren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hitza ematen du Euskadirentzako bake iraunkorra lantzeko eta lortzeko lana egingo duela. Euskal Aberri askea izateko aukerak elikatuko dituen bakea, hiritargoak adierazitakoa baino beste mugarik izango ez duena.
Aberri berria, elkarrekin aurrera egiteko. Gure mendekotasunak gero eta txikiagoak izan daitezen, gu geu, geure kabuz gure etorkizunaren jaun eta jabe izan gaitezen.
Eta horretarako, bi helburu zehatz markatu ditugu gure esparru politiko-instituzionalerako. Alde batetik, Bake eta Elkarbizitzaren inguruko oinarrizko adostasun bat ezartzea, Euskadin elkartasun aldi berria zabaltzeko. Eta, bigarrenez, estrategia progresibo eta integrala abian jartzea, gure herriak erabakitzeko duen eskubidea instituzionalizatzeko. Egiteko hau ez da soilik alderdi politikoena edo euskal erakundeena; euskal gizartearen egitasmo kolektibo izan behar du.
Ataza bikain hau garatu beharra dago etengabeko eraldaketa politiko, sozial eta ekonomikoen testuinguruan; kontzeptu global batean, non talde nortasunek mutazio sakonak bizi dituzten. Euskal aberriaren geroa markatuko dute gure denbora honen ezaugarri diren aniztasun eta konplexutasunak. Baina, guri dagokigu, etorkizunerako nahi dugun talde egitasmoa erabakitzea.
Horra hor guk proposatzen dugun Aberri Berria. Bake, elkarbizitza eta askatasun sendoagoak. Hobeto bizitzeko.
Zalantzarik gabe, egitasmo hori Europari lotuta dago ezinbestean, trantsizioan dagoen egitasmoa, une honetan bizi dugun eta geroan biziko duguna. Euskadi Europa da, Flandria, Eskozia eta Catalunya diren neurri berean. Edo, Alemania den neurri berean. Herri honek bizi zuen berregituratze prozesua ez zuen inork zalantzan jarri. AEDko lurraldeak bereganatzeko prozesurako ez zen inolako integraziorik eskatu, Batasunera sartu zenean bestelako Estatua zen arren.
Europa da gure abiapuntua eta gure helmuga.
Gaur, inoiz baino gehiago da Europar Batasunaren eraikuntza demokratikoa aldarrikatzeko eguna. Euskadik dagokion aitortza eta lekua nahi ditu europar egitura politiko eta sozialaren barruan. Aitortza hau, ezer baino lehenago, gaur egun gure nazioari eskubide nazionalak ukatzen dizkioten Estatuetan eman beharra dago. Europa indartsu eta batua nahi dugu guk, eta nazio guztiek legezkotasun politiko bera izan dezatela batasun hori eraikitzeko bidean. Nazio burujabeen etorkizunak baldintza izango ditu mundu mailan ematen diren eraldaketa sozial, politiko eta ekonomiko anitzak, eta Europar Batasun hori eraiki nahi dugun guztion borondatea. Baina guk gure nazio subiranotasun honen etorkizuna ,gainerako nazio burujabeen etorkizunera lotu nahi dugu; eta,inola ere, inorenak baino baldintza eskasagoekin. Europaren etorkizunaren oinarrian egon beharko dute norbanakoaren eta talde eskubideak, eta printzipio demokratikoak. Horra hor Europar Batasunak duen erronka.
Europak izan behar du topagune demokratikoa, oparoa, sozialki aurreratua, non kulturen aniztasuna errespetuan oinarrituko den,non globala eta tokian tokikoa elkarren osagarri izango diren, hiritarren arazoei hobeto erantzuteko.
Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkezten duen aberri eredua da, independentziatik interdependentziara, mendebaldeko oparotasun ekonomikotik babes sozialera, nazioarteko lidergotik bakera, giza eskubideetara eta elkarbizitza solidariora.
Gure Herrian batzuek eredu "alternatiboei" begiratzen diela ematen duen bitartean, Karibe aldeko ametsekin liluratuta dauden une honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak tinko mantentzen du Europan duen uste sendoa, une hauetan Europako gobernu politiko eta ekonomikoak ageriko gabeziak dituen arren, eta Batasunaren kohesioan desdoikuntza batzuk ematen diren arren. Hau ez da azken orduko sinesmena ezta egoera zehatz batek eragindako jarrera ere. Europazale goiztiarrak izan ginen, kontinente zahar hau osatzen dugun herriok batasuna behar dugulako, gure gizarteen etorkizuna indartu ahal izateko. Batasun politikoa, ekintza ekonomiko edo moneta batasun hutsetik harago joango dena. Batasun politikoa, segurtasun kontzeptua edo kanpo ekintzaren kontzeptua gaindituko dituena.
Gaur egun ezagutzen dugun Europak hainbat akats ditu . Dena dela, sarri askotan, zeru lainotu batek eguzkiaren argitasuna ezkutatzen du, eta adarrek batzuetan ez dute paisaiaren edertasuna ikusten uzten. Azken urteotan bizi dugun egoera konplexuan ere, Europak, mundu osoko biztanleriaren % 7arekin, planetako Barne Produktu Gordinaren % 21aren erantzulea da, eta batasunetik kanpoko merkatuan du nazioarteko merkatuaren %19,5. Europa da mundu osoko erregiorik irekiena eta, neurri berean solidarioena : solidariotasun, lankidetza eta garapen politikei egiten dien ekarpena da lur planeta osoko kopuruaren %51. Europa da beraz, kemena, oparotasuna, lehiakortasuna, baina baita giza garapen jasangarria eta babes soziala ere.
Euzko Alderdi Jeltzaleak gogoan duen europar egitasmoa prozesu geldoegian doa, baina bidean darrai,urratsez urrats. Hasiera bateko Merkatu Batuaren ostean oraingo Europar Batasuna etorri zen. Gaur egun bere bideragarritasuna zalantzan jartzen hasia da, finantza krisi luzeegiaren eraginez. Krisiak ondorio modura ekarri du gobernuaren krisia, lehenago edo beranduago konpondu beharko dena.
Asko gara krisi honi amaiera jartzeko orduan "Europa sendoagoan" pentsatu beharra dagoela uste dugunok. Europa berria botere indartuekin eta egiazko Gobernuarekin. "Krisia gauza handiak egiteko aukera" dela diote, mundua aldatzeko abagunea. Ez ote da izango orain "europar hiritarrak" berriro elkartzeko unea, 1787 urtean Amerikako 13 Estatu beren konstituzioa egiteko elkartu ziren modu berean?. Orduan ere, estatuen arteko eztabaida hartan, boterea eta dirua zegoen tartean. Baina, borroka handiaren ondoren, "Gu, herria" goiburuaren babesean eratzea lortu zuten.Oraindik ere, bizirik mantentzen den Estatu federal indartsu eta demokratikoa osatzen dute.
Estatubatuarrek Askatasun Adierazpena izan zuten helburu eta goiburu. Ez ote da hori berori, europarron Bakea, Askatasuna eta Oparotasuna? Izango ote da egun batean "Gu, herria", edo "Gu, europarrak" hitzak Europar Estatu Federalean gauzatzeko unea?.
Euskadi ere izango da egitasmo horren parte. Euskal hiritargoak askatasun osoz izango du bere borondatea adierazteko aukera. Nazio berriztatua, beste herri batzuekin bere bizipenak partekatzeko aukera izango duen nazioa, ingurukoak errespetatzeko eta errespetatuak izateko borondatea adieraziko duen herria.
Horixe da, hain zuzen, Euskal Herriak bere izaera bereziaz jabetu zenetik ibili izan duen bidea, "Euzkadi euzkotarron aberria dela" ohartu ginen momentutik beretik ibili dugun bidea. Gure toki propioa bilatzeko esfortzua egin dugu, Nazio den gizarteak bere garapen osoa egin dezan inguruan dituen nazio eta herrien ondoan, harmonian eta elkarbizitzan.
Inork ezin du bazterrean utzi, orain zailtasun,krisi eta beharrizanez beteriko denborak bizi ditugula. Milaka familia dira gelditze ekonomiko honen ondorioak bizi dituztenak, atzeraldi gogorrena da gaurkoa, azken hamarkada hauetan ezagutu ditugunen artean.
Gizarte larrialdia bizi dugu, baliabide publikoak eskasak dira, langabeziaren ondorioei eta gure artean bizi diren milaka pertsonek sufritzen duten babesgabetasunari aurre egiteko.
Horixe da, eta ez beste, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta bere ordezkari publikoek une honetan izan behar duten helburu nagusia. Gure indarrak eta esfortzuak biderkatu behar ditugu lehenengo eta behin sufrimenduari erantzuna emateko, eta gure ongizate estatuan atzerakada sakona eragiteko mehatxua dakarren hondamendi honetatik albait arinen irteteko.
Jakin badakigu konponbide magikorik ez dagoela, baina dena eman beharko dugu gure giharrak sendotzearren. Gure artean kontsumoa eta produkzioa suspertu eta enpresa eta produktuak nazioarteko merkatuetan zabaldu. Gure bizi maila egokitu, eta erreserbak erabili jarduera eta lehiakortasuna merkatu globalean bizkortzeko.
Hori dena, arduraz egin behar dugu. Interes alderdikoien gainetik begiratuz, beti taldearen onura bilatuz. Akordio politiko eta sozialak gauzatuz. Egonkortasuna bermatuko duten akordioak, akordio horiek gauzatzeko bidean,batzuek eta besteek neurriren batean amore eman beharko dugun arren.
Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi daki zein den bere lidergoa eta erakunde eta instituzioetan duen ordezkaritza. Eta ondo jabetuta gaudelako, ez dugu zalantzarik izango krisiaren aurrean akordioak,aliantzak eta babesak bilatzeko eta adosteko orduan. Indar politiko,ekonomiko eta sozialek partekatzen dugun gutxienekoa bilatuko dugu,gaurko egoera latzari eta ahuleziari aurre eginez, krisi ekonomikotik irtetea lor dezagun.
Xede horrekin, eragile politiko eta sozialei dei egiten diegu, norabide berean, arduratsu joka dezaten. Premia handiko garaiak dira hauek. Inork ez luke ulertuko, familiek,enpresek eta pertsonek eusteko borondatearen alde jarri diren honetan, guk gure arteko ezberdintasunetan tematzea, bakoitzak bere ahalegina eta laguntasuna eskaini beharrean.
"2013ko Aberri Eguna" dugu beraz, premiazkoari ekiteko eguna. Baina, ez ditugu aldi berrien ondorio modura etorriko zaizkigun erronkak ahaztuko, ez ditugu baztertuko gure Aberri Berri hau eraikitzeko orduan egin beharreko lanak.
Konfiantza osoa dugu guk euskal emakume eta gizon guztiengan. Unerik latzenetan ere, herri indartsua tinko eta zutik mantentzeko gaitasuna erakutsi duen Herri honetan; mendebaldeko munduak sufritzen dituen arazo larriak bizi dituen neurri berean, ekaitza gainditzen jakingo duen Herria. Bere ahalmen eta indarrak berreskuratu izan ditu, iraganean ere, are gatazka eta arazo larriagoak bizi izan dituenean. Milurteko historian, bizirik irauteko gaitasuna garatu duen Herria gara. Egoera aldakorretara egokitzeko ahalmena izan dugu beti. Zoritxarrez, asko eta asko dira desagertu diren herriak. Historia liburuetarako geratu dira. Baina gu, bizirik gaude oraindik, une honetan bertan ari gara gure historia idazten.
Elkarbizitza, bakea, askatasuna, Europa, suspertze ekonomikoa, gizartearen kohesioa, akordioak..... horra hor Euzko Alderdi Jeltzaleak 2013ko Aberri Egun honetan aurkeztu nahi dituen oinarrizko kontzeptuak. Horiek guztiek osatzen dute Euzkadirekin dugun konpromiso sendoa. Hemen bizi diren pertsona guztiekin dugun konpromisoa .
Gora Euskadi Askatuta!.
Bilbon, 2013ko martxoaren 31n
2012/10/14
GURE BOTOA
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok bozetara deituta gaude datorren igandea urriaren 21erako, Euskadiren etorkizunerako berebiziko garrantzia dueten hauteskundeak direla eta.
Garai berri baten atarian gaude, zalantzarik gabe, baina garai berri honetan ekonomiaren krisialdi bortitz batek gero eta jende gehiago kolpatzen du, lanik aurkitu ezinik sufritzen ari diren pertsonen oinazea areagotuz eta azken hamarkadetan lortutako gizarte-kohesioa pitzatuz.
Halaber, urte luzeetako indarkeriaren gurpila geratu delarik, erabat ez bada ere eta modu zekenean bada ere, egindako kaltea aitortzen eta ordaintzen hasteko garaia eta benetako eta behin betiko bakea ekarriko digun adiskidetzeari ekiteko garai ere bada.
Garai berri bat, baita ere, estatus politiko berri bat iristeko beharrari azken bultzada emateko, euskal herritarron erabakitzeko eskubidean oinarrituta Euskadi berriak, inongo mendetasunik gabe, Europa berri batean hitza eta erabakia izan dezan ahalbidetuko duena.
Horra hor garai berriaren hiru ezaugarriak eta, aldi berean, gidaritza sendoarekin batera adostasunerako eta lanerako ahalmena eskatzen duten hiru betekizunak.
Guk guztiok abertzaletasun historiko eta erakundezalearen baitan lan egin dugu azken hamarkadetan, Eusko Alkartasunean edota Hamaikabaten, hain zuzen. Eta datozen hauteskundeen aurrean jabetuta gaude Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Alderdiaren hautagai den Iñigo Urkulluk baizik ez dituztela ziurtatzen gure herriak etorkizuna irabazteko behar dituen gidaritza eta kudeaketarako gaitasuna.
Iñigo Urkullu buru duen Eusko Alderdi Jeltzalearen aukera izan da azken urteetan, herritarrei hauteskunde hauetan eskaintzen zaizkienen artean, etorkizuna jorratzen eta orainaldirako proposamen zehatzak lantzen jardun duen bakarra: Think Gaur Euskadi 2020 prozesua, Ados 2013, edota hauteskunde hauetarako programa bera dira esandakoaren erakusgarririk argienak. Gainerako eskaintzei dagokienez, krisiari aurre egiterakoan batzuen erabateko porrotak, besteen prestakuntza falta nabarmenak eta guztien proiekturik ezak argi eta garbi erakusten dute gaur egun ditugun arazo larrien konponbideari ekiteko eta etorkizun oparoago bat gauzatzen hasteko gai ez direla.
Jasaten ari garen krisia larria-larria da; gure gizartearen kohesioa mehatxupean dago; gure autogobernu murritz eta murriztua aurreratzeko arazoak ditugu; bakea erabat sendotu gebe daukagu… Hala ere, etorkizunari baikor begiratu behar diogu. Bihotza, ideiak, proiektuak eta gaitasuna dutenek bakarrik bideratu dezakete garai berria.
Beti defendatu izan dugu Euskadi elkar hartzeko, biltzeko, elkartzeko eta errealitateari heltzeko ahalmenean oinarrituta eraiki beharra. Iñigo Urkullu lehendakarigaia buru duen Eusko Alderdi Jeltzalearen zerrenda da gu islatzen gaituena eta horrelako gidaritza gauzatzeko bermea eskaintzen digun bakarra. Horregatik agertzen gara haren alde eta hari emango diogu botoa urriaren 21ean.
RELACION DE CARGOS DE EA-H1! ASISTENTES AL ACTO DE APOYO A LA CANDIDATURA DE IÑIGO URKULLU - IÑIGO URKULLUREN HAUTAGAITZAREN ALDEKO EKITALDIAN PARTE HARTU DUTEN EA ETA H1!-eko ORDEZKARI IZANDAKOEN ZERRENDA:
-GIPUZKOA:
-INAXIO OLIVERI ALBISU. (ex Parlamentario, Consejero)
-IÑAKI ALKIZA. (ex Pte. De Juntas Gipuzkoa)
-LEIRE EREÑO. (ex Pta. De Juntas Gipuzkoa)
-IÑAKI GALDOS IRAZABAL. (ex Diputado Gipuzkoa)
-PELLO GONZALEZ ARGOMANIZ. (ex Diputado Gipuzkoa)
-MAITE ETXANIZ BALENZIAGA. (ex Alcaldesa de Zarautz y Diputada Gipuzkoa)
-JON GOIKOETXEA. (ex Pte. Ejecutiva y Parlamentario)
-ANTTON JAIME. (ex Diputado Gipuzkoa)
-JUAN IGNAZIO GALDOS.(ex Alcalde de Zegama )
-LUIS OYARBIDE. (ex Diputado Gipuzkoa)
-JUAN RAMON LARRAÑAGA. (ex Alcalde de Legazpi)
-JOXI ETZEZARRETA (ex Alcalde de Ezkio-Itsaso)
JOXEAN REKONDO (ex Alcalde de Hernani )
MIKEL ZABALA. (ex Alcalde de Astigarraga)
JOSE LUIS TELLERIA. (ex Diputado Gipuzkoa).
BIXENTE ARRIZABALAGA. (ex Alcalde de Astigarraga)
FERNANDO TAPIA (ex Diputado Gipuzkoa)
LUIS MARI ORMAETXEA (ex Alcalde de Usurbil)
JUAN CARLOS BENGOA (ex Alcalde de Eskoriaza)
MIKEL LARRAÑAGA (ex Alcalde de Eibar)
JON MIKEL MURUA (ex Diputado Gipuzkoa)
AGUSTIN AROSTEGI (ex Dtor. Diputación)
JAVIER BEOBIDE (ex Ayto Azpeitia)
YAGOBA LARBURU (ex Juntero)
RAMON MATEZ. DE MURGIA (ex Dtor. Gobierno Vasco)
JAIONE ARRATIBEL (Ayto. de Donostia)
MARARO MURUA
AMAIA ARRATIBEL
ARABA
ENEKO OREGI (ex Viceconsejero GV)
AVELINO FDEZ DE QUINCOCES. (ex Diputado Araba)
IÑAKI BERAZA. (ex Alcalde de Agurain)
IGONE MARTINEZ DE LUNA (ex Parlamentaria)
BIZKAIA:
IZASKUN TRABUDUA (ex Ejecutiva H1!)
XABIER IRAZABAL (ex Ayto. de Gernika)
JOSU SIERRA (ex Dtor. GV)
ARITZ RESINES
ADHESIONES - ATXIKIMENDUAK:
PATXI ORMAZABAL (ex Consejero y Parlamentario)
MIRIAN CANO
AITOR ARANGUREN
XANET AROZENA
PEDRO MARI RUIZ DE AZUA
JOSE RAMON GURIDI (ex Diputado Gipuzkoa)
JAVIER OTERMIN
ELIAS OLALDE
JOXE GURRUTXAGA (ex Alcalde de Tolosa)
JUAN LUIS ANTIA (Ayto de Asparrena)
ANTON BILBAO
JULIO ARTETXE (ex Diputado Bizkaia)
RAMON DE LA SOTA
IÑAKI GALDOS IBAÑEZ DE OPAKUA.
IMANOL BONET
MIKEL AREIZAGA.
JOSE ANGEL LIZARRAGA
2012ko Aberri Eguneko adierazpena. Euskadi bizia
Urteurren saminak dira egunotan beteko direnak. Gogora ekartzen digute, iraganeko denboretan, gure Herriko biztanleri zibilaren kontra jaurti ziren bonben izua . Espainia handi,aske eta banaezin haren izenean, besterik gabe erail zen, bake eta askatasunean bizitzea baino beste helbururik zuen hiritargoa. Eraso guztiz anker,arbuiagarri eta ezaba ezinak izan dira hamarkada luzetan biktima izan direnontzat. Baina, ordea,sarraski haren eragileen eta erregimen haren izenean ez da sekula inolako erruki edo kalte ordainik eskaini. Gaur egun, gure artean zabalik daude oraindik, errepresio, zigor eta erailketa aldi beltzean eragindako zauriak.
Baina, ezin dugu ahaztu, eta ez dugu egiten, Euskadi gure aberriaren izenean ere, ondorengo urteotan, bestela pentsatzen zuen unibertsoa “etsaitzat” hartuta, haren kontrako biolentzia hiltzaile eta bidegabea praktikatu zuten batzuk izan zirela.
Bortxakeri biek hitzez defendatzen zituzten kausa nazionalak zikindu zituzten. Bien kasuan, biktimak, mina, sufrimendua eta gorrotoa baino ez zen geratu. Berriro ez errepikatzea nahiko eta espero dugun historia; heriotza ,indarkeri eta bortxakeriaren bidez ez baitago ezer eraikitzerik; etsipena, samina eta atsekabea besterik ekartzen ez duelako. Gorrotoa ez da sekula izango, bizikidetzaren etorkizun onerako motore.
1932 urtean, Euzko Alderdi Jeltzaleak kalera atera zituen bere alderdikide eta lagunak, Euskal Aberriaren “ berpizkundea” iragartzeko helburuarekin. Lehen “Aberri Eguna” izan zen hura. Ordutik aurrera, ez da urterik eta aukerarik izan, askatasunean zein diktadura garaian, Euzko Alderdi Jeltzaleak egun hau ospatu gabe utzi duenik.Sekula ez da aldarrikatu gabe utzi, Euskal Herriak adierazpen politiko eta instituzionalerako izan behar duen askatasuna.
Baina, 2012 urte honetan, azken 76 urteotan lehen aldiz, askatasun osoz gure burujabetasuna aldarrikatu ahal dugu inolako bortxakeriaren mehatxurik gabe. Sei hilabete igaro dira ETAk bere jardun armatuaren behin betiko adierazpena egin zuenetik.
Egia da, egiazko bakeak denbora beharko duela gure artean finkatzea lortzeko. Bortxakeriarik eza da benetako bakerako lehen baldintza. Lehena eta garrantzitsuena. Baina, egiazko bake horrek “ekintza-erantzunezko” salbuespen-joeraren ondorioak indargabetzeaz gain, giza jarreretan ere indargabetu behar ditu, jokamolde partikular batzuek ekimen politikoa gauzatzeko orduan izan dituzten aurkaketa , nagusikeria edo inposizio asmoak. ETAk bere jarduera armatuaren amaiera aldarrikatu izana urrats esanguratsua da Herri honek bakea lortuko badu; baina, Euskadin elkartasuna finkatzeko, hurrengo denboretan beharko da borroka armatuaren bidezkotasunaren filosofian bizi direnek ezberdin izateko eskubidea aitortu eta babestea- politika bortxakeriara baldintzatu dutenek ere aitortu behar dute hau-, eta euskal gizarteak berak kasu bakoitzean osatuko duen gehiengo eta gutxiengoen mapan integratzea.
Behin betiko eta egiazko bake eta elkartasun hori eraikitzeko bidean, den-denek, baita erakunde guztiek ere, bide hau landu eta ahalbidetu behar dute. Iraganean tematzea, aldi berrian gaudela ez onartzea, zalantzarik gabe bidean lagunduko duten erabakiak ez hartzea, erabateko arduragabekeria litzateke.
Zinezko bakea, bake osoa, urrun dago oraindik Euskadin, baina ezin dugu gutxietsi herri honek azken hilabeteotan bereganatu duen urrats handia. Orain arte ez ditugu inoiz, oraingoak moduko denborak bizi izan. Egutegiari beldurrik izan gabe, biktima berririk izango ote den pentsatu gabe. Geroa baldintzatuko duten ziurgabetasun ilunik gabe.
Lehen Aberri Eguna dugu, beraz, ETAren bortxakeriarik gabe. Euskadi herriarentzako aldi berri honetako lehen Aberri Eguna.
Aitzakiak amaitu dira, zelai zabalari hesiak jarri zizkiotenentzat eta autodeterminazio jardun demokratikorako bidean bortxakeria justifikatu zutenentzat. Ez dago, Euskadi nazio gisa aurrera egitea eragotziko duen aitzakiarik. Euskadi berriaren lehen urtea, dena lortzea espero dezaketen euskal herritar berriona.
Aldi berri honetan, hiru izan dira Herri gisa dugun zerumuga markatu dituzten xedarriak:
Lehena, XIX. mende amaieran izan zen, Sabino Aranak Herri honen garapenean naziotasun printzipioa identifikatzen jakin zuenean. Subjektu politikoaren pertsonalizazioak , -eskubide nazionalena, ordura arte ezarrita zeudenen guztiz bestelakoak -, gidoian , eszenaren erdigunean jarri zuen Euskal Herria eta hiritargoak propio zuten subiranotasuna berreskuratzeko eskubidea. Ordutik aurrera, Euskal Herriaren aldarri nazionala gure eguneroko jardunean egon da, unean uneko inguruabarrak eta protagonistak ezberdinak izan badira ere.
Garai hauetako patua markatu izan duen bigarren mugarria dugu aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan. Euskadi, abertzaleen egitasmo politikoa zen, arrazoi ezberdinek bultzatuta, herri honetara lan eta hobekuntzaren bila etorri zirenek arrazoi batzuek edo besteek eraginda behin betiko konbentzimendurik gabe bereganatu zutena. Babes nahiak ekarritako euskal hiritarrak. Hemen hazi egin ziren eta aurrera egin zuten, jatorria eta jomuga galdetu gabe, penak eta pozak partekatzeko kontzientzia zuen herri honetan. Euskadira heldu ziren , industrializazioaren babesean aurrera egiten lagunduko zien aukeraren bila. Beren begirune, sakrifizio eta lanaren eraginez irabazi zuten tokia gizarte honetan; eta herriak berak, beren ekimenari esker hazi eta aurrera egitea lortu zuen.
Baina, laurogeigarren hamarkadako eta laurogeita hamargarren hamarkada hasierako krisi industrialek sektore estrategikoen erorketarekin, herri hau ordura arte ezagutu ez zuen langabezi tasara eraman zuten. Euskadira etorritako hiritar haietako askok amaitutzat eman zuten beren migrazio aldia, eta jatorrizko lekuetara itzuli ziren aldi batean eten zuten egitasmo pertsonal eta familiarra berreskuratzeko. Baina, gehiengo handi batek bere egin zuten herri honetan jarraitzeko erabakia hartu zuen. Euskadi bilakatu zen bizitzeko aukera bakarra. Berena eta beren seme-alaba eta ilobena.Sustraietatik hartutako erabakia izan zen. Milaka familiek erabaki zuten beren eta hurrengo belaunaldien etorkizuna herri honen garapenera lotzea. Haiek eraiki zuten euskal gizarte berria. Anitza eta ezberdina, Euskadi bi gizarte taldetan zatitzen duen mitoa eta arriskua desegiten zuena. Euskal hiritarrak denak. Ezberdinak, bakoitza bere nortasun eta izaerarekin; baina denak euskal hiritarrak, orain aldian eta etorkizunean.
Aurrez aurre dugu oraingo aldian, “gizarte iraultza” horren hirugarren fasea. Zorionez, gaur egun jokaerak ez dira “ hemengo” eta “ hango” hitzekin kalifikatuko. Euskal gizarte berria gainerako errealitate modernoetako parametroen antzera moldatzen da. Estereotiporik gabe eta talde disfuntziorik gabe. Eta, horra hor, hain zuzen, aldi berri hau elikatzen duen erronka berria.
Hemen dago herrian sinesten duen gizartea. Bere ikurrekin identifikatzen dena, bere erakundeekin, autogobernu bokazioarekin, berezitasun kulturalekin. Euskadirengan konfiantza eta sinesmena jarri duen gizartea. Eta, aldi berean, bizitza kalitatea hobetzeko aukerak ere nahi ditu. Hobekuntzak inguru globalizatuan, aurrerabide eta aldaketa klabean bereganatu behar dugun erakustoki irekian.
Eraiki dugun eta gaur egun euskal erkidego osoak defendatzen duen Euskadi hau izango al da hiritargoak exijitzen dizkion aurreikuspen eta beharrizanei erantzuteko gai?. Euskal Nazioaren egitasmoa izango al da hiritarren arazo errealak eta kezkak konpontzeko erreferentzia eraginkorra izateko gai? Balioko ote du ziurgabetasun denboretan gizarteari kohesioa eta babesa emateko?
Eraikitzeko dagoen Euskadi berri honek zentzua izango du, eta arrakasta aitortuko zaio euskal hiritarrentzako zerbitzu iraunkorrerako gune instituzional gisa eratzen bada. Etorkizuna izango du, lan, aberastasun eta oparotasun zerumuga berriak bilatzeko gai baldin bada.
Euskadi egitasmo ukaezina izango da, arlo ekonomiko eta finantzetan duen ahalmen eta indarra gizarte kohesioa eta bere babesean gordetzen direnen ongizatea bermatzeko gai baldin bada.
Euskal Nazio berria egiazko oinarrietan sustraitzen bada, euskal emakume eta gizonak estatus berriaren eraginkortasunean gustura sentitzen baldin badira , Euskadi bide zuzenean egongo da. Nazio batek Europan egingo duen bidea. Biztanleriaren gehiengoaren erabakiz abalatutako herri baten bidea.
Estatus berria, Nazio berria gizarte beharrizanei aurre egiteko gai izango dena. Aldarria baino askoz gehiago, nortasuna eta historia baino gehiago. Horixe da, gaurtik bertatik, egokitzen hasi behar dugun abiapuntu berria.
Aldaketa, gizakiaren eta gizarteen berezko elementua da. Eta, euskal gizartea, zientziak esan digunaren arabera, etengabeko eboluzioan murgilduta egon da. Batzuetan, gure mitologiak- eta herri guzti-guztiek dugu mitoen beharra- zalantzan jarri izan du Euskal Herriak eboluzionatzeko duen izaera.
Euskaltasuna eboluzionatu egin da, eta bere izaera aldatu izan du denboraren poderioz. Dinamismoa bera da euskaltasunaren iraupenerako gakoa . Egokitzen jakitea. Egokitzen ez dakiena, hil egiten da.
Oraingo ezberdintasun nagusia da aldaketa hori abiadura handiagoz iristen dela, funtsean, denbora errealean mundu batetik besterako informazioa inolako mugarik gabe eskuratzeko parada ematen digun iraultza teknologikoaren eskutik. Informazio eta erabaki prozesuetan eman den aldaketa hori da mundu ekonomikoaren globalizazioa eragiten duena, finantza zerbitzuen, zerbitzu juridikoen, merkantzien trukaketa amaigabea, eta nola ez, aldaketa politiko eta sozialak ahalbidetzen duena.
EAJ-PNVk ordezkatzen duen euskal abertzaletasunak nola erantzungo dio? Logikoa denez, aurreko historian egin izan duen moduan, bere errealitatea, bere diskurtsoa eta euskal gizartearekin lotzeko puntuak egokituta, bere oinarrizko helburua betetzen jarraitzeko, hau da, Euskal Herriak irautea eta bizi dugun egoera berri honetan ere garatzea. Gainerako guztia instrumentala izango da.
Une bakoitzean izan beharko ditugun egitura politikoen kontzeptua ere bada instrumentala, garrantzizkoena da Euskal Herriak irautea eta herri gisa garatzea.
Euskal abertzaletasunak gizarte eraldaketa honetan oinarri eta gizartearekiko lotura gisa izan behar dituen elementuak hauek lirateke:
Lehen elementua; mundu globalizatua, mundu irekia bai, baina lurrean ondo finkatutako sustraiekin. Errealitate orok du loturaren beharra, arima behar dugu gurearekin lotuko gaituena. Adarrak eta hostoak zabalik izango ditugu,baina sustraiak gure lurrean finkatu behar ditugu. Euzko Alderdi Jeltzaleak, identifikatzeko arima hori eskaini nahi dio Herriari eta gizarteari.
Bigarren elementua; mundu ireki honen arrakastarako, abiapuntu ekonomikotik, beharrezkoa da errealitate txikiak ondo kudeatzea. Alor horretan, gure nazio egitasmoak garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna ahalbidetuko dituen oinarria eskaintzen du.
Hirugarren elementua; dena saltzen eta erosten den mundu zabalean, dena lehiakortasuna den munduan, mugarik gabeko munduan, zer gertatuko ote da egoera txarrenean daudenekin? Zein izango da gizarte honetan kohesioa eta solidariotasuna emango duen elementua? Erkidego kontzeptua. Zein da euskal gizarteari erkidego kontzeptua ematen diona? EAJ-PNVk ordezkatzen duen euskal abertzaletasuna.
Eta, hau guztia, borondate askean garatua. Herri baten, Nazio baten borondate askea, XXI. Mende honetan, aitortza juridiko eta politikoaren bidez adierazten da, erabakitzeko duen eskubide eta gaitasunaren bidez gauzatzen da.
Aldi berri honetako Aberri Egun honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak hiritargo berriztatuaren beharrizanei erantzuna emango dion Euskadi eraikitzeko borondatea adierazten du, hiru konpromiso nagusitan oinarrituta: barrura begira identifikatuko gaituen nortasun-sustraidun gizartea; gure esparruan kudeaketa ekonomiko zorrotza eta egokia; eta gure erkidegoa bizikidetzarako giltzarri gisa sostengatzea.
Hausnarketa sakonak dira hauek, albiste eta egunkarietako titularren dantza arinera ohituta dagoen gizartearentzat. Baina, Aberriaren Egun handi honetan, gure Aberri Egunean, ahaleginak egin behar ditugu herri honek hurrengo garaiotan Nazio izateko ibili beharko duen bidea identifikatu ahal izateko. Euskadi, Nazioa Europan. Euskadi, Nazioa bakean.
Bide luzea dugu oraindik: Gobernu ezgaiaren gelditasunean galdu den denbora berreskuratzea. Aldi berean, elkarrizketan aniztasuna eta aukera politiko guztiei zor zaien aitortza berrezartzea. Esku hartze publikoa ezartzea, konfiantza berreskuratzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, “ Euskadi” marka kanporako erreferente gisa kokatzeko, eta negozio aukera berriei bidea emateko, atzeraldi eta krisitik irteteko bultzada eman dezagun,...
Elkarrizketarako gaitasuna areagotu beharko dugu,beste garai eta egoerek inposatutako inkomunikazioa apurtzeko. Eta, aldi berean, aldi berri horretarako oinarri juridikoak ere finkatu beharko ditugu. Aldi berrirako estatus politiko berria. Euzko Alderdi Jeltzalea horretarako prest dago. Euskadi berrirako aldi eratzaile berria.
Gora Euskadi Askatuta!
Derioko Udalak aisiarako 32 baratze ekologikoak banatu dizkie herritar esleipendunei 
“Aixe Getxo!” sarien hirugarren ekitaldian 13 kultur ekimen eta eragile nabarmendu dituzte 
Zornotzan JAN ALAI” Pintxoen Ibilbidearen bigarren edizioa antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak
"Quizá no sea un buen tiempo para pactos y en unos meses sea diferente"
“CATALUNYA FRENTE AL MURO CONSTITUCIONAL”