EAJ - PNV

Hemen zaude: » Hasiera » Prentsa aretoa » Agiriak

Prentsa aretoa

Agiriak

Argitaratutako azkenak

  • 2013/05/09

    Europako Egunean Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena

    • Mota: EBBren agiriak

    Gaur ospatzen dugu Europako Eguna. 1950eko maiatzaren 9an, Schuman Adierazpenak gure kontinenterako bide berria zabaldu zuen, gaur hirurogeita hiru urte geroago, ondo baloratzen duguna. Europar Batasuna errealitatea da gaur egun, eta bidean ezagutu izan dituen zailtasun eta oztopo guztien gainetik, erreferentea da eta mundu mailako balorea.

    Agerian dago Europar Batasunak egoera konplexua bizi duela gaur egun. Krisiak bere oinarriak kolpatu ditu eta bere etorkizunaz hausnartzera eraman gaitu. Krisiaren adierazpenik ankerrena da une honetako langabezi altua, eta horrek etsipen handia eragiten du pertsonengan eta familietan.

    Europar Batasunak ez du krisialdiari aurre egiteko erantzun eraginkorrik bideratu, agerian geratu da erakundeek erronka horren aurrean duten ahultasuna. Politikaren subiranotasuna merkatuen eskuetara transferitu izana, beren ardurak Bruselari leporatzen dizkioten Europar estatuen berekoikeria eta batasun mailan zabaldu den solidariotasun falta dira, besteak beste, erantzunik eza azaltzen duten funtsezko elementuak.

    Europar Batasuna ez da eraginkorra izan, eta horrek mesfidantza agerrarazi du europar egitasmo politiko eta ekonomikotik gero eta urrunago dagoen hiritargoarengan. Egoera horretan, demagogia, populismoa eta erradikalismoak indartu dira modu arriskutsuan, Europaren kontrako joera zabalduz.

    Oraingo erronkei europar batasunetik erantzutea

    Europarengandik urruntzeko joera ematen den eta muturkeriak indartzen diren honetan, politikak pertsonaren zerbitzura egon behar duela pentsatzen dugu, beharrean daudenen zerbitzura. Horrela berresten dugu Europak eman behar duen erantzuna ezin daitekeela Batasunaren suntsitzea izan. Europa biziagoa behar dugu. Europar batasun indartsuagoa behar dugu: batasuna bankan, zergetan eta politikan, diziplinan,hazkundean, Nazio eta pertsonen arteko solidariotasunean oinarri harturik, subiranotasun nazionalaren zati bat Batasunaren Erakundeetan utzi behar dugulako ustean oinarrituta .

    EAJ-PNV europazalea da, eta bere europazaletasuna adierazi nahi du. Europa Politiko eta Federalean sinesten duela esan nahi du, Europa batua, potentzia ekonomikoa eta protagonista politiko ukaezina mundu mailako xakean. Bere eredu soziala eta berdintasun nahia gordeko duen Europa, askatasunean eta justizian oinarritutako balore tradizionalak zainduko dituena, mundu baketsu eta demokratikoagoa sortzen lagunduz. Europar egitasmo hori ere bada gure nazio proiektuaren zati bat .

    Europa Federalaren aldeko apustua egiten dugu, subiranotasun partekatua izango den esparruan, subsidiariotasun printzipioaren oinarrian eraikia, estatu azpiko erakunde politikoak aitortuta eta errespetatuta, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeei dagozkien eskuduntzei zor zaien begirunea zainduta.

    Euskadi eta Estaturik gabeko Europako beste Nazioak

    Gure Herria Europar Batasunaren subjektu politiko egitearen aldeko apustua egiten dugu, Batasuna osatzen duten beste Estatuen pare, hauetako asko estatu izatera azken 25 urteotan iritsi direla gogoratuta. 

    Herria garen aldetik, autodeterminazio eskubidea dugu, gure hiritarrek askatasun eta demokrazian izan dezatela beren estatus politikoa, ekonomikoa,sozial eta kulturala erabakitzeko eskubidea, beste Herri batzuekin batera, subiranotasuna Europar Batasunaren esparruan partekatuko den marko propioa instituzionalizatzera begira.  

    Gure ustez, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziaketa tresnak ezinbesteko giltzak dira bizikidetzarako, eta gure Nazioan bertan aktibatu eta egikaritu behar ditugu, behar dugun  nazio eta gizarte kohesioa eraikitzeko gutxieneko oinarriak lortzeko. Tresna horiek ezinbestekoak dira Estatuko, europar batasuneko eta Nazioarte mailako agintariekin ditugun harremanetarako.

    Honen bidez berretsi nahi dugu gure egitasmoa demokratikoa eta inklusiboa dela, gizatiarra eta irekia, eta adierazita agertzen da gure nazioaren autogobernua indartzearen alde agertu den herriaren gehiengoaren borondatean eta Europan subjektu politiko izateko duen bokazioan.

    Europar Batasunari eskatu nahi diogu, ordezten ditugun errealitate nazionalak aitortzea eta Batasunaren barruko zabalkuntza ahalbidetzeko tresna juridikoak bideratzea, kanpoko zabalkuntzak bideratu eta arautu dituzten Kopenhageko printzipio eta baldintzei jarraiki .

  • 2013/01/31

    EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOAN ZERGAK ERREFORMATZEKO AURKEZTEN DEN AKORDIOA

    • Mota: EBBren agiriak

    Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Legebiltzarrean ordezkatuta dauden erakunde politikoen artean,  Eusko Jaurlaritza berria osatu baino lehen egin zen elkarrizketa errondan, Euzkadi Buru Batzarraren ordezkaritzak hasierako azterketarako agiri orokorraren barruan, zerga eta tributuei buruzko akordiorako proposamena aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidego osorako.

    Proposamena hurrengo lerrootan ematen da hitzez hitz; eta EH Bilduri, Euskadiko Alderdi Sozialistari (PSE), Alderdi Popularrari eta UPyDri helarazi zitzaien.

    Hona hemen proposamena:

    "2. ZERGA POLITIKA BERRIA JARDUERA EKONOMIKOAREN ETA ENPLEGUAREN ALDE. IRUZURRAREN KONTRAKO BORROKA

    Aurreko agintaldiko adostasun politikoaren eta onartu ziren egonkortasun akordioen ondorioz, indarrean daude orain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako  zerga neurriak. Neurri hauen aplikazioa 2012 eta 2013 ekitaldietara lotuta daude. Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, araudiaren indarraldia 2012 urtean amaitzen da, eta beraz, premiazko dugu modifikatzea.

    Zergei buruzko neurri hauek, araudi propioko tributu sistema osoari eragiten diotenak, adostasun osoz onartu ziren, eta harmonizazio gradua jaso zuten Tributuen Koordinazio Erakundearen aldetik.

    2013 urterako  eta aurreko urteetarako ere, araudi hori berriztatzeko dugun beharrizan horren aurrean, EAJ-PNVk zera proposatzen du :

    1.- Alderdi politikoen ordezkari batzordea eratzea, honako zergen erreformarako aukerak plantea ditzala: PFEZ, Sozietateak, Ondorengoak eta Dohaintzak. .

    Proposamen hauen helburua izango da, ahalik eta zerga progresibotasun mailarik altuena lortzea, jarduera ekonomikoa bizkortzea eta zerbitzu publikoei eusteko behar besteko baliabideak lortzea.

    2.- Batzorde hau osatuko dute alderdi politiko bakoitzeko hiru ordezkarik. Beren lanak egin beharko dituzte, indarrean dagoen erakunde egituraketarekin ados, lanetik irtengo diren testu hauek Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Zergen Koordinazio Erakundean aurkez  ditzaten. Bertan aztertuko dira  2013 urteko lehen hiruhilekoan "harmonizazio" gradua jasotzeko.

    3.- Oinarrizko adostasun maila lortuta, arau aurreproiektu berriak dagokien Batzar Nagusietara bidaliko dira bertan onartzeko. Ekimenak gauzatzeko tramitea denboraz eta formaz koordinatu beharko da.

    4.- Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "Aberastasun handiak" izeneko aurreproiektua egin eta onartu duenez, akordio honetan parte hartzen duten alderdiok konpromisoa hartzen dute aztertuko eta adostuko dutela Zergen Koordinazio Erakundean, Herrialdeetan behin betiko onartu baino lehen. Tramite hau, alderdi politikoen batzordean ezarritako eta proposamen honen bidez planteatutako PFEZ, Sozietate, Ondorengotza eta Dohaintza zergen gaineko  ebazpenak baino lehen egin daiteke.

    5.- Foru erakunde bakoitzak, aurrekontuak onartzeko aldi berean, araudi berezia aurkeztuko du iruzur fiskalaren kontrako borrokarako kontrol publikorako sistemak indartzeko eta hobetzeko. Gai honetarako araudi propioa egingarria izango da, herrialde historiko bakoitzak arlo horretan duen  egoera berezia dela eta.

    6.- Eusko Jaurlaritzak hitza ematen du erakunde arteko lankidetza eta informazio harreman estuagoak mantenduko dituela, eta herrialde erakundeekin ados, hiritarren artean iruzur fiskalaren kontrako sentiberatze kanpaina garatzeari ekingo dio .

    Beste alde batetik, Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa da, hurrengo legegintzaldi honetan, Eusko jaurlaritzak, herrialde erakundeekin lankidetzan, Kontzertu Ekonomikoaren defentsan eta babes lanean aurrera egingo duela, Euskal Autonomi Erkidegoak  oraindik bere gain  eta bere erakunde eskudunek bereganatu ez dituzten zerga gaietan arautzeko duen ahalmena handitzeko". 

    Aipatu dugun konpromiso horrekin bat eginik, Euzko Alderdi Jeltzaleak legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdi politiko guztiei aurkeztu nahi die alde anitzeko elkarrizketarako bidea erraztuko digun hausnarketa orokor bat, aldi berean, adostasunera heltzeko bidea izan dezagun Euskal Autonomi Erkidego osoan aplikatu beharreko zerga erreformaren inguruan.

    Une honetan aurkeztera gatozen proposamena ekimen irekitzat hartu behar da, momentuz, behin betiko zehaztapenik gabe;  EAJ-PNVk proposamen zehatz batzuk baloratuta izan ditzakeen arren, une honetan zentzuzkoago jotzen dugu transakzioak gauzatzeko oinarrizko elementu batzuk aurkeztea, abiapuntuan suposizio zehatzak ezartzea baino.

    ZERGA ALORRERAKO PROPOSAMENA

    EAJ-PNV. 2013ko urtarrila

    --------------------------------------------------------------------------------------------------------

    Gaur egun indarrean dagoen zerga ereduaren eta bere egitekoa gauzatzeko duen egoera ekonomiko berriaren  gaineko hausnarketa sakonetik abiatuta, honako agiri honen helburu nagusia da zerga eredu hori sakonean berraztertzeko baldintzak ezartzea, aurrean izango dituen erronkak, bilatu beharreko helburuak eta horiexek lortzeko bideak identifikatuz.

    Europa eta nazioarte mailako zerga arautze berria ezartzeak zerga politikak ekitate eta eraginkortasunerako helburu tradizionalak indartzea bilatzeaz gain eskatzen digu gaur egungo testuinguru ekonomiko-finantzarioak ezinbestean aurkezten dizkigun helburu bi lortzeko bidean jartzea: diru-bilketaren nahikotasuna eta berrabiatze ekonomikoa.

    Aurreikusi beharko genukeen tributu sistemak zutabe sendoak izan behar ditu sarrera eta gastu publikoen arteko oreka bermatzeko; horrez gain, ekonomia berrabiatzeko, aberastasuna sortzeko eta enplegua berreskuratzeko eszenatokia ahalbidetu behar du.

    Horrela, krisi ekonomikoak sarrera publikoen diru bilketa 2006 urtean jasotako kopuruetara eraman duen testuinguruan, gastuen aldetik, ongizate estatua mantentzeko gastuek gorakada ezagutu duten garaian, ezinbesteko gertatzen zaigu iruzurraren kontrako tresnak indartzea eta zuzeneko zergen figurak berraztertzea, ahal den neurrian,  diru sarrera publikoak ezarri diren gastu politikak finantzatzeko besteko izan daitezen, gainerako Herrialde Historikoetako Administrazioekin behar den adostasuna kaltetu gabe; aipatutakoaz gain, beharrezko jotzen dugu lehenagoko  erreformetan bezala,  Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan hitzartzea .

    Esandako horrez gain, helburu horiek zerga sistema orekatuaren bidez lortzen direla bermatzeko, ezinbestekoa da Euskadiko Herrialde Historikoek beren zerga sistemak osatzen dituzten figura gehienak modulatzeko gai izatea. Zentzu honetan, eta Kontzertu Ekonomikoaren oraingo idazketatik eratortzen den eskumen markoa kaltetu gabe, ezinbesteko gertatzen da Kontzertu Ekonomiko horretan, eta ondorioz,  Herrialde Historikoetako zerga sisteman, estatu mailan sortu diren zerga figura berriak sartzea, gure ahalmenen arabera arautuz. 

    Esandako horren inguruan, zerga ekimen batzuk proposatzen dira hurrengo gai hauen inguruan:

     

    • Iruzur Fiskalaren kontrako borroka.
    • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.
    • Sozietateen gaineko Zerga.
    • Zerga figura berriak adostea.
    • Beste zerga figura batzuen harmonizazioa.

     

    Zerga sistema erreformatzeko egiten den proposamen honek bi printzipio aurreikusten ditu oinarrian. Lehenengo eta behin, erakunde eskudunek, hau da, Herrialde Historikoetako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiek baino ezin izango dute  oraingo erakunde markoan, zerga erreforma honetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna izan. Beste esparru bat planteatzea Euskadiko oraingo sistema juridiko-politikoaren kontrakoa litzateke .

    Bigarren printzipioak erantzuten dio zerga marko berria elkarrekin adosteko ezarri dugun konpromisoari. Arau hauek, Batzar Nagusietan aurkeztu baino lehen, Zerga Koordinaziorako Organo barruan adostu eta harmonizatu beharko lirateke, Euskadiko zerga esparruak egituraketa bakarra izan dezan, adostasun politiko eta instituzionalean oinarritua (edonolako arau aurreproiektu onartu baino lehen, Zerga Koordinaziorako Organoan (OTC) harmonizatu beharko litzateke)

    A) IRUZURRAREN KONTRAKO BORROKA

    Gaur egun, helburu izan dezakegun zerga erreformarako bultzatzaile gisa aipatu diren diru bilketaren nahikotasuna eta berrabiatze ekonomikoa lortzeko xedeak hasiera baterako baldintza du iruzur fiskala errotik ezabatzea; eta horretarako, zerga sistemak berak etengabe aztertu behar ditu eskuragarri dituen tresnak, hiritarren arteko elkarbizitzaren oinarririk behinenak urratzen dituzten iruzur praktiketatik aldentzeko disuasioa eta errepresioa indartzeko neurriak proposatzeko eta garatzeko; eta, horren bidez, zerga sistemaren ekitate horizontal eta bertikala lortuz.

    Iruzurraren kontrako borrokarako, eta bereziki  disuasiorako, eta gaur egun gure zerga sistemak iruzurrak  ezabatzeko aurreikusten dituen arau eta tresnen eraginkortasuna hobetzeko eta indartzeko xedez, neurri bilduma bat proposatzen da; neurri batzuk orokorragoak dira eta beste batzuk zehatzagoak, zuzeneko zergei buruzkoak.

    a.1) Izaera orokorreko zehapen-araubidea berraztertzea eta gogortzea, ordenamendu juridikoaren kontrako jardueren kontrako zigorrak gogortuz, zigor gehienen kopurua igoz, bereziki honako hauei dagokienez: 

     

    • Auto-likidazio edo aitorpenak ez aurkeztea.
      • Egiaztatzeko prozeduran oztopoak aurkeztea edo eragozpenak jartzea.

     

    a.2) zerga zorra kobratzeko bermeak handitzea, ardura solidario eta subsidiarioko suposizioak indartuz:

     

    • administratzaileen eta lotuen atxikipenak, sartu gabeak eta PFEZ zergan kenduak.
    • Zergadun lotuen artean jasanarazitako BEZ kuotak, ingresatu gabeak.
    • Konkurtso administratzaileak zerga agenteei ez-lehentasunezko maileguak ordaintzen dizkietenak.

     

    a.3) Informazioa emateko derrigorra zabaltzea, orain arte salbuetsita egon diren zenbait taldeetarako. Horrela, kontrol konplikatuagoa duten zerga-oinarrien gaineko ezagutza handituko da:

     

    • Salbuetsita dauden eragiketak.
    • Atzerrian dauden ondasun eta eskubideak.
      • PFEZ eta BEZaren arloko eragiketa ekonomikoen liburu-erregistroa.

     

    B)  PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

    Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, ezinbesteko gertatzen da ekitate, gehikortasun, neutraltasun, gardentasun eta sinpletasun printzipioak indartzea, eta berauen arteko oreka handiagoa lortzea. 

    Jarraian proposatzen diren neurriek zergaren inguruan antzeman diren desberdintasunak zuzentzeko helburua dute, eta oinarrian dituzte zerga sistema bera arautu behar duten printzipioak, hau da, gehien duenak gehiago lagundu behar du gastu publikoei eusten, eta gehikortasun printzipioaren arabera, gastu orokorretarako egiten diren ekarpenak ez dira proportzioaren arabera egingo, baizik eta zenbat eta errenta edo ahalmen ekonomiko handiagoa izan, orduan eta esfortzu handiagoa eskatu behar da.

    PFEZ konplexu baten aurrean aurkitzen gara, oso konplikatua baita zergadunek hartzen dituzten erabaki ekonomikoen  ondorioak ezagutzea, eta zerga sistema batek oinarrian izan beharko lukeen printzipioetako bat urratzen da,gardentasunarena alegia. Horregatik, PFEZ hau sinplifikatu behar da, hiritarren zerga derrigorren betepena errazagoa izan dadin, eta zergadun gehienek aitorpena aurkezteko derrigorra izan ez dezaten, horren bidez,  giza baliabideak eta errekurtso materialak tributuen gestioko beste lanetan jartzeko aukera izan dezagun.

    Neutraltasunaren ikuspuntutik, ezinbesteko gertatzen zaigu oraingo salbuespen zerrenda bera eta salbuespen horiek mugatzeko kenkarien sistema berraztertzea, beren eraginkortasuna ondo aztertu ondoren.  Lanean espeziean kobratzen diren errenten tratamenduak  ere birmoldaketa sakona behar du, oraingo ordainketa sistema batzuk  lan errendimendutzat hartuz.

    Ekitate eta ahalmen ekonomiko printzipioei dagokienez, indarrean dagoen tarifa berraztertzeko beharra planteatzen da, oinarri orokorrean tipo altuagoei tarte berriak ezarriz; era berean planteatzen da aurrezki oinarriaren, errendimendu irregularren integrazioaren, aurreikuspen sozialaren tratamenduaren eta gizarte talde zehatz batzuei (mendeko egoeran daudenak, gazteak, familia ugariak eta abar)  dagokien babes berezia berraztertzea .

    Helburu horrekin, honako neurri hauek proposatzen dira:

    b.1) Salbuetsita dauden errenten katalogoa berrikustea, bilatzen diren helburuak betetzen ote diren  eta ahalmen politikarekin eta gastu politikekin duten lotura egiaztatzeko.

    b.2) Ekitaldi bakar batean bi ekitaldi baino gehiagokoa  kargatzean eragiten den gehiegizko gehikortasuna saihesteko tratamendua birformulatzea.  

    b.3) Kenkariak berraztertzea, hasieran pentsatu ziren helburuak betetzen ote diren egiaztatzeko.

    b.4) Ohiko etxebizitzari ematen zaion tratamendua. Gure inguruko zerga sistemetan kenkari hori mantentzearen eraginkortasuna eta egokitasuna auzitan jarri,  eta  kenkariaz baliatzeko mugak ezarri; eta kasu batzuetan, behin betiko kendu den arren, Euskadin duen garrantziak eta higiezinen sektorean krisia sortzeko orduan eragin mugatua izan duela kontuan harturik, egoki izan daiteke gure esparruan mantentzea, baina zerga pizgarriei mugapen batzuk ezarriz.

    b.5) Prebisio sozialeko plan osagarrietako ekarpen eta prestazioen tratamendua. Pentsioen sistema publikoaren bideragarritasunaren inguruan dauden aurreikuspenak kontuan hartuta, ezinbesteko gertatzen da  prebisio sozialeko sistema osagarrien gaineko tratamendua mantentzea, baina oraingo sistemari muga batzuk ezarriz, bere eraginkortasuna eta ekitate maila igotzeko. 

    b.6) Tarifa Orokorra  eta aurrezkien gainekoa: Tarifen tarteak eta tipo aplikagarriak birformulatzea, ahalmen ekonomiko eta ekitate printzipioak betetzen direla bermatzeko .

    b.7) Kenkarietarako baldintzak. Kenkariak aplikatzeko zenbatekoak eskudiruan ordainduko ez direlako printzipioa ezartzea, egiaztagiri formalik gabe kopuru hori jasotzerik egon ez dadin.

    b.8)  Jarduera ekonomikoen gaineko errendimenduak:

    Neurri batzuk aurreikustea, egiatan jaso den diru kopurutik beherako kopurua aitortzerik egon ez dadin, eta kenkariak aplikatzerik ez duten gastuak aurkeztea saihesteko.

    b.9) lan errendimenduak. Atxikipenak kalkulatzeko sistema erreformatzea, zergaren kuotaren doikuntza handiagoa lortzeko, atxikipenaren zenbatekoa formula sistema baten bidez zergadun bakoitzaren egoerara egokituz, oraingo taula sistema erabili beharrean.

    C) SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

    Euskadiko jarduera enpresariala berrabiatzeko helburuak lortzeko, eta beraz,  enpresa sarea eta gure enpresen lehiakortasuna indartzeko, aberastasuna eta lana sortzeko ditugun xedeak erdiesteko, funtsezko gertatzen zaigu  sakonean erreformatzea, aldaketa batzuekin bada ere, 1996 urtetik hona  indarrean dagoen Sozietateen gaineko Zerga; hori bai, bere erreforma gidatu beharko luketen printzipio eta arrazoiak begi-bistatik aldendu gabe, Herrialde Historikoetako zerga sistemei oraingo globalizazio ekonomikoan  eta kapitalen zirkulazio askea ematen den inguruabarrean enpresen tributaziorako dauden neurri fiskalik aurreratuenak ezarriz. Are beharrezkoagoak dira horiek, oraingo testuinguru ekonomikoan, krisiak ez omen gaitu epe laburrean utziko.

    Hori dela eta, inbertsiorako neurri erakargarriak, enpresen kapitalizazioa sustatzeko neurriak eta jarduera produktiboak eta ikerkuntza,garapena eta berrikuntza babesteko ekimenak, Sozietateen gaineko Zergaren erreforma bideratzeko Ipar orratza osatuko dute.

    Araugintzaren ikuspuntu teknikotik aztertuta, honen bidez proposatzen den erreformaren ezaugarri nagusia da sinplifikazioa areagotzea,zerga oinarria ateratzeko xedez, kontabilitateko emaitzari  zuzenketak egiteko arauak berrantolatuz, zuzenketa hauek sistematizatuz doikuntzen arautze argiagoa eta tributu-eregimen berezien murrizketa esanguratsua lortzeko; eta, ahal den neurrian, tributu hauek erregimen orokorrera sartzea proposatzen da .

    Neutraltasunaren ikuspuntutik, ezinbesteko egiten da zerga-ezarpen bikoitza ezabatzeko trataera berraztertzea, salbuespen mekanismoaren aldeko apustu irmoa eginez; era berean, beharrezko jotzen dugu orain indarrean dauden zerga pizgarriak birplanteatzea eta eguneratzea, errealitatera egokitzeko, eta ahalik eta eraginkorren izan daitezen.  

    c.1) Enpresen kapitalizazioa indartzeko neurriak, funts propio handiagoak izateko egituren trataera hobetzeko, eta zorpetzea erabiltzeko beharra murrizteko, ekintzailetzari zuzendutako babesa barne.

    c.2) Mikroenpresei zuzendutako arreta, enpresa egitasmoen ezarpen eta garapena errazteko, zerga alorrean dituzten koste zuzen eta zeharkakoak murriztuz, mozkinak berrinbertitzea sustatuz beren ahalmen eta dimentsioak handitzeko, eta beren tributazioa sinplifikatuz.

    c.3) Patenteen ustiapenaren eta ikerkuntza eta garapen jardueren bestelako emaitzen zerga trataera bultzatzea.

    c.4) Gastu batzuei kengarritasuna mugatzea.

    Gastu batzuen kengarritasunera bideratutako neurriak hartzea, jarduera ekonomikorako duten "funtsezko" izaera zalantzan jar daitekeen kasuetarako.

    c.5) Erregimen berezien berrikuspena. Zerga sinplifikatzeko markoan, erregimen bereziak mugatzea proposatzen da, behar denean erregimen orokorrean sartuz, behar besteko egokitzapenak eginik; era berean, beren aplikaziorako baldintzak birformulatzea, bereziki SPE, kooperatiba eta mezenasgo erregimenaren kasuan.

    c.6) Kenkariak berraztertzea. Kenkari batzuk mantentzea, pizgarri gisa duten eraginkortasun handiagatik eta ehun produktiboa mantentzeko duten garrantzia eta jarduera ekonomikoa berrabiatzeko eta enplegua sortzeko egiten duten ekarpenagatik; aplikazio praktiko eskasekoak edo pizgarri modura eraginkortasun txikia dutenak kentzea.

    D) ZERGA FIGURA BERRIAK

    Itunpeko zerga sistema osatzeko, ezinbestekoa da sisteman estatu mailan ezarri diren zerga figurak sartzea. Itunpekoa izatea  itun-testuak berak exijitzen du, bere 2. Xedapen Gehigarriko 2. idatz zatian  zera aurreikusten duelako: Estatuko zergen ordenamendu juridikoan zergen itunpekotasunari eragiten dien erreformarik egin ezkero edo zerga figura berriak sortzen baldin badira, ondorioz egingo da Kontzertu Ekonomikoaren egokitzea.

    Estatu mailan sortu diren zerga figura berriak, zeinen gainean arautzeko osoko ahalmena eskatu behar den  Euskadiko Erakunde eskudunek figura hauen elementuak  une bakoitzean  momentuko zerga politikaren helburuetara modulatu ahal dezaten,honakoak dira: 

    d.1) 2013ko urtarrilaren 1ean, energia sektorean, energiaren iraunkortasunerako  neurriei buruz sortu diren zergak, abenduaren 27ko 15/2012 Legean aurreikusten direnak:

     

    • Argindar produkzioaren balorearen gaineko zerga,
    • Energia nukleoelektrikoa sortzean gastatu den erregai nuklearraren produkzioaren, eta produkzio honetako hondakin erradiaktiboen gaineko zerga.
    • Instalazio zentralizatuetan gastatu den erregai nuklearraren eta hondakin erradiaktiboen biltegiratzearen gaineko zerga.

    d.2) Kreditu Erakundeetako Gordailuen gaineko zerga, abenduaren 27ko 16/2012 Legearen bidez sortua, finantza publikoak sendotzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko zerga neurriak hartzeko.

    d.3) Zenbait loteria eta apustuen gaineko karga berezia. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kargapean ezartzeko, abenduaren 27ko 16/2012 Lege bidez sortua. Zerga neurri batzuk hartu ziren finantza publikoak sendotzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko xedez.

    d.4) Estatu mailako Jokoaren gaineko zerga, jokoa arautzeko, maiatzaren 27ko 13/2011 Lege bidez arautua.

    E) BESTE ZERGA FIGURA BATZUEN HARMONIZAZIOA

    Euskal Autonomi Erkidego osoan garatu beharreko zerga sistemaren inguruko ezbai hau zabaltzeak,  iruzur fiskalaren kontrako neurriak zehazteko laguntzeaz gain, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga  zehazteko balio beharko du, Herrialde Historikoen markoan duela gutxi onartu diren beste zerga figuren inguruan; baina, batez ere,  Ondarearen edo Aberastasun Handien gaineko Zergaren inguruan behar dugun harmonizazioa lortzeko.  Idazki honen bidez proposatzen den elkarrizketak balio beharko liguke araudi bien artean aurkezten zaizkigun,  eta prozedura adostuaren bidez antzeman ditzakegun disfuntzioak ezabatzeko.

    Bilbon 2013ko urtarrilaren 28an

    Euzkadi Buru Batzarra

  • 2012/10/31

    EHBILDU, PSE, PP, UPyD ORDEZKARITZA POLITIKOEKIN IZANDAKO BILERETAN AIPATUTAKO OINARRIZKO LAN-TXOSTENA.

    • Mota: EBBren agiriak
    • Formatoa: PDF

    A.- AKORDIO EKONOMIKO ETA SOZIALA .

    B.- BAKEA ETA ELKARBIZITZA .

    C.- EUSKAL AUTOGOBERNUAREN ETORKIZUNA .

     

    1

    A.- AKORDIO EKONOMIKO ETA SOZIALA.

    1. AURREKONTUEN OREKA ETA EGONKORTASUNA.

    Murgilduta gauden egoera ekonomiko larri honetan, ezinbesteko gertatzen da Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde esparru nagusiek (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) kudeaketa honi aurre egiteko tresna nagusia izatea, aurrekontuak alegia .

    Aurrekontuak dira erakunde esparru bakoitzean politika publikoei eta gobernuaren ekimenari bizitasuna ematen dien oinarrizko elementua. Unean uneko koiuntura politikoetatik harago, gehiengo edo gutxiengoetatik harago, gizartean dauden arazoak konpontzeko balio behar du.

    Aurreko ekitaldiotan, oraingoaz besteko eraketa politiko -instituzional batekin, talde politikoen ardurak aurrekontuen egonkortasunerako akordioak ekarri zituen, euskal erakunde sareari lagundu ziotenak, bere kudeaketaren lehentasunak garatzeko orduan. Gaurko honetan, pairatzen dugun depresio ekonomiko sakon honetan, inoiz baino beharrezko egiten zaigu akordio hori.

    Zentzu horretan, eta Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde bakoitzak bere esparruan ezarriko dituen irizpideetatik aparte, Euzko Alderdi Jeltzaleak proposatzen du aurrekontu egitasmo horiek onartuak izan daitezela erraztea (ez eragoztea) hala toki erakundeetan, nola Herrialde bakoitzeko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean.

    Talde politiko bakoitzak izango du esparru legegilean aurkeztuko diren kontu publikoekin izan dezakeen desadostasuna adierazteko aukera, baina ez dira osoko zuzenketak babestuko, tokian tokiko aurrekontuak onartzea eragotziko dutenak, eta ez dira zatikako zuzenketarik hitzartuko, tokian tokiko gobernuek aurkeztutako egitasmoen filosofia eta edukiak eraldatuko dutenak. Dagokien organo exekutiboekin adostutako transakziozko zuzenketak baino ezin izango dira aurkeztu eta onartu.

    Akordio honek erakunde egitura osoari emango dio bere funtzionamendurako oinarrizko tresna izateko aukera, eta bere oinarrizko helburua izango da erakundearen beraren egonkortasuna eta ziurtasuna, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko politika publikoak garatzeko orduan.

    Akordio hau indarrean egongo da 2013 urteko ekitaldian .

    2

    Halaber, ardurak gidatuta, Eusko Jaurlaritzak bera, bere egonkortasuna eta oreka bilatzeko xedez, honako konpromiso hauek hartzen ditu :

    1) LEGEGINTZALDIAN DEFIZIT PUBLIKOA MURRIZTEKO BIDE ADOSTUA EZARTZEA .

    2) ESTURA ETA GASTU ARRUNTAREN MURRIZKETA.

    3) INBERTSIO ETA EGITASMO ESTRATEGIKOAK AURREIKUSITAKO DIRU SARREREN EBOLUZIORA EGOKITZEA. LEHENTASUNA POLITIKA SOZIALARI EMANGO ZAIO .

    4) LAN-MAHAI PARTEKATUA –Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak (EUDEL)- POLITIKA PUBLIKOAK KOORDINATZEKO JARDUERA BIKOIZTUAK EKIDIN ALDERA .

    5) ERAKUNDE SAREA, SOZIETATE PUBLIKOAK, ERAKUNDE AUTONOMOAK ETA ERAKUNDE PARTEKATUAK ZENTZUZ ANTOLATZEA ETA ARRAZIONALIZATZEA.

    6) ENPLEGU PUBLIKOA MANTENTZEKO ETA NEURRI EZ TRAUMATIKOAK HARTZEKO KONPROMISOA, 1. KAPITULUKO GASTUA EZ IGOTZEKO HELBURUAREKIN.

    .

    2. ZERGA POLITIKA BERRIA JARDUERA EKONOMIKOAREN ETA ENPLEGUAREN ALDE. IRUZURRAREN KONTRAKO BORROKA.

    Aurreko agintaldiko adostasun politikoaren eta onartu ziren egonkortasun akordioen ondorioz, indarrean daude orain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako zerga neurriak. Neurri hauen aplikazioa 2012 eta 2013 ekitaldietara lotuta daude. Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, araudiaren indarraldia 2012 urtean amaitzen da, eta beraz, premiazko dugu modifikatzea.

    Zergei buruzko neurri hauek, araudi propioko tributu sistema osoari eragiten diotenak, adostasun osoz onartu ziren, eta harmonizazio gradua jaso zuten Zergen Koordinazio Erakundearen aldetik.

    3

    2013 urterako eta aurreko urteetarako ere, araudi hori berriztatzeko dugun beharrizan horren aurrean, EAJ-PNVk zera proposatzen du :

    • 1. Alderdi politikoen ordezkari batzordea eratzea, honako zergen erreformarako aukerak plantea ditzala: PFEZ, Sozietateak, Ondorengoak eta Dohaintzak.

    Proposamen hauen helburua izango da, ahalik eta zerga progresibotasun mailarik altuena lortzea, jarduera ekonomikoa bizkortzea eta zerbitzu publikoei eusteko behar besteko baliabideak lortzea.

    • 2. Batzorde hau osatuko dute alderdi politiko bakoitzeko hiru ordezkarik. Beren lanak egin beharko dituzte, indarrean dagoen erakunde egituraketarekin ados, lanetik irtengo diren testu hauek Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Zergen Koordinazio Erakundean aurkez ditzaten. Bertan aztertuko dira 2013 urteko lehen hiruhilekoan "harmonizazio" gradua jasotzeko.
    • 3. Oinarrizko adostasun maila lortuta, arau aurreproiektu berriak dagokien Batzar Nagusietara bidaliko dira bertan onartzeko. Ekimenak gauzatzeko tramitea denboraz eta formaz koordinatu beharko da.
    • 4. Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "Aberastasun handiak" izeneko aurreproiektua egin eta onartu duenez, akordio honetan parte hartzen duten alderdiok konpromisoa hartzen dute aztertuko eta adostuko dutela Zergen Koordinazio Erakundean, Herrialdeetan behin betiko onartu baino lehen. Tramite hau, alderdi politikoen batzordean ezarritako eta proposamen honen bidez planteatutako PFEZ, Sozietate, Ondorengotza eta Dohaintza zergen gaineko ebazpenak baino lehen egin daiteke.
    • 5. Foru-erakunde bakoitzak, aurrekontuak onartzeko aldi berean, araudi berezia aurkeztuko du iruzur fiskalaren kontrako borrokarako kontrol publikorako sistemak indartzeko eta hobetzeko. Gai honetarako araudi propioa egingarria izango da, herrialde historiko bakoitzak arlo horretan duen egoera berezia dela eta.
    • 6. Eusko Jaurlaritzak hitza ematen du erakunde-arteko lankidetza eta informazio harreman estuagoak mantenduko dituela, eta herrialde erakundeekin ados, hiritarren artean iruzur fiskalaren kontrako sentiberatze kanpaina garatzeari ekingo dio .

    4

    Beste alde batetik, Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa da, hurrengo legegintzaldi honetan, Eusko jaurlaritzak, herrialde erakundeekin lankidetzan, Itun Kontzertu Ekonomikoaren defentsan eta babes lanean aurrera egingo duela, Euskal Autonomi Erkidegoak oraindik bere gain eta bere erakunde eskudunek bereganatu ez dituzten zerga gaietan arautzeko duen ahalmena handitzeko.

    3. EKONOMIA BIZIBERRITZEA ETA ENPLEGUA

    Egitasmoaren inguruan egingo duen diskurtsoaren markoan, Lehendakarigaiak ekimen batzuk aurkeztuko ditu, oraingo krisi ekonomikoari aurre egiteko xedez eta jarduera biziberritzeko eta enplegu berriak sortarazteko. Ekimen hauek guztiak dira euskal erakunde egituraketa osoarekin partekatzeko eta garatzeko, eraginkortasun eta lankidetza printzipioetan oinarrituta.

    Jarduera egitasmoan planteatzen diren neurrien artean hauek dira azpimarragarrienetakoak :

    1) EKINTZAILE ETA AUTONOMOEI LAGUNTASUNA EMATEA.

    2) BERRIKUNTZA BULTZATZEA.

    3) ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN NAZIOARTEKOTZEA BULTZATZEA.

    4) POLITIKA INDUSTRIALA ETA LEHIAKORTASUNA GARATZEA.

    5) ENPLEGUA BERRESKURATZEA ETA MANTENTZEA .

    • ENPLEGUAREN ALDEKO SOLIDARIOTASUN FONDOA .

    • ESKUALDEAK BIZIBERRITZEKO PLANAK .

    • ERAIKUNTZA ARLOAN ENPLEGUA DINAMIZATZEA. ETXEAK BERRIZTATZEKO PLANA .

    • LANBIDE LAN MUNDURATZE ARLOAN BIDERATZEA .

    • KLAUSULA SOZIALAK KONTRATAZIO PUBLIKOAN.

    6) GAZTE ENPLEGURAKO PLANA

    • ENPLEGURAKO HOBEKUNTZA PROFESIONALA: NAZIOARTEKOTZE BEKAK ETA GRADUONDOKO BEKAK .

    • GAZTEEN TALENTUA SUSTATZEA, ANTZEMATEA ETA LOTZEA .

    5

    • LAN MUNDURATZEKO LEHEN URRATSA SUSTATZEA, PRAKTIKA KONTRATUAK ETA PRESTAKUNTZA KONTRATUAK .

    • GAZTEEN AUTOENPLEGUA ETA EKINTZAILETZA SUSTATZEA .

    4. GIZARTE-ZERBITZUEN DEFENTSA ETA MANTENTZEA.

    Biziberritze ekonomikorako eta enplegurako proposamenei lotuta, Lehendakarigaiak bere egitasmoan aurkeztuko dituen proposamenek neurri zehatzak aurreikusiko dituzte gizarte zerbitzuak mantentzeko eta, modu berezi batean, zerbitzu sozialei eusteko. Neurri hauek beharrezko dute adostasuna, erakunde esparrutik zein esparru politiko osoaren aldetik.

    Zentzu honetan, EAJ-PNVk bere egitasmoan islatzen duen konpromisoak akordio maila bera beharko du eta honakoak aurreikusten ditu :

    1) GIZARTE-LAGUNTASUNEN BERMEA ETA ERAGINKORTASUNA HOBETZEA. GIZARTERATZEKO ETA LAN MUNDUAN SARTZEKO POLITIKAK LEHENESTEA.

    2) ERAKUNDE-ARTEKO LANKIDETZA BULTZATZEA, GIZARTE-POLITIKEN JASANGARRITASUNA ETA FINANTZAKETA BERMATZEKO.

    3) ENPLEGU-ZERBITZUEKIKO KOORDINAZIOA PIZTEA.

    4) ETXEBIZITZA BABESTUA ESKURATZEA SUSTATZEA, BEREZIKI ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZAK.

    5) GIZARTE PRESTAZIO ETA ZERBITZUEN KONTROL ETA BERMEA.

    6

    B.- BAKEA ETA ELKARBIZITZA

    ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko amaituko zuela iragarri ostean, euskal erakundeek, dagokien aniztasunean osatuta, ardura bat dute elkarbizitza-zerumuga berria ezartzeko. Xede horrekin, ezinbestekoa da, ahal den akordio zabalenean oinarrituta, gatazka suntsitzaileak iraun dituen hamarkaden ostean, bakea, gizatiartzea eta adiskidetze soziala lortzeko politikei ekitea .

    1. OINARRIAK, KONPROMISOAK ETA HELBURUAK :

    Oinarri etiko bat: gizakiaren duintasuna

    Konpromisoa

    . Giza eskubide guztiak defendatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dugu; eta ondorioz, bortxakeriari eta bere mehatxuari, horren defentsa edo legitimazio nahiari egingo diegu aurka .

    Helburua

    . ETAren bortxakeriaren eta gainerako giza eskubideen urraketen eta azken 50 urteotan izan dituen ondorioen kontakizun argia osatzea, iraganaren balorazio kritikoa egiterik izan dezagun eta biktimei zor zaien ordaina emateko prozesuak jarraitzeko eta burutzeko.

    Oinarri demokratikoa: aniztasuna

    Konpromisoa

    . Aniztasunarekin dugun konpromisoa onartzen dugu, hau da, oinarri demokratikoa duten egitasmo guztiak egingarri direla defendatzea .

    Helburua

    . Esparru ezberdinetan, gizatiartze prozesu eta politikak bultzatzea eta osatzea, bake soziala sendotzeko eta bortxakeria oro edo giza eskubideen urratze oro desagerrarazteko helburuarekin .

    Oinarri metodologikoa: elkarrizketa

    Konpromisoa

    . Elkarrizketarekin eta akordioarekin dugun konpromisoa geureganatzen dugu, gure arteko ezbaiak konpontzeko dugun aukera nagusia delako; eta, edozein kasutan, printzipio eta prozedura demokratikoei zor diegun begirunea zainduz.

    7

    Helburua

    . Elkarbizitza eta gizarte adiskidetzerako kultura berria sustatzea, elkar onartzean, elkarrizketa anitzean eta arduran oinarrituta, giza duintasunaren defentsa baloreen lehen tokian jartzeko.

    2. PROPOSAMENAK:

    1. BAKE ETA ELKARBIZITZA LAN-TALDEA

    Eusko Legebiltzarrean, aurreko Legegintzaldiaren amaieran sortu zen Bake eta Elkarbizitza Lan-taldeari jarraipena ematea, lan esparru partekatua sortzeko, bake soziala indartzeko lehenetsi behar diren politika publikoak bultzatzeko. Lan-taldearen lanak honako hauetan oinarrituko dira:

    • • Gai berezien inguruko adostasunetara iristea, bake elkarbizitza eta elkarbizitzarako kultura berria indartzeko.
    • • Oroimen, aitortza eta biktimei ordaina emateko politika publikoei jarraipena egitea eta bultzatzea .
    • • Ebazpena adostea, espetxe-politikaren inguruan adostutako gomendioekin .
    • • Euskal gizartean giza eskubideak sustatzeko eta hedatzeko politika publikoak bultzatzea. .

     

    2. OROIMENAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUA

    Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza-Eskubideen Institutua sortzea, biktima guztiei oroimena eta aitortza eskaintzeko politika publikoak koordinatzeko, eta bake eta giza eskubideen kultura sustatzeko eta hedatzeko. Institutuaren esfortzua honako gaien inguruan garatuko da:

    • • Giza eskubideen urraketen memoria egitea, aldi ezberdinak aurreikusiko dituena: guda zibila, diktadura, trantsizioa eta demokrazia.
    • • Legeak ezarritakoari jarraiki terrorismoaren biktimei zor zaien aitortza eta ordain prozesuak burutzea.
    • • Poliziaren gehiegikerien biktimei eta giza eskubideak urratuak izan dituzten biktimei aitortza eta ordaina emateko prozesuak garatzea eta burutzea, nazioartean dauden estandarren arabera.
    • • Guda Zibileko edo Frankismo garaiko biktimei aitortza eta ordaina emateko prozesuak garatzea eta osatzea.
    • • Euskal gizartean giza-eskubideak sustatzeko eta hedatzeko politika integrala garatzea.

    3. BAKE ETA GIZA-ESKUBIDEEN III EUSKAL PLANA

    Euskadin bake eta giza-eskubideen inguruko diagnosia eguneratzea eta "Bizikidetza Demokratikoa eta bortxakeriaren deslegitimazioa 2012-2011" izenburuko planean bildutako ekintzen betearazpena zenbakitan eta kualitatiboki aztertzea .

    Era partekatuan eta adostuan, Bake eta Giza-Eskubideen III. Plana egitea, eta indar berezia jartzea jadanik dauden koordinazio esparruak sendotzeko lanean (Aholku batzordea, Saila arteko batzordea, Elkarte arteko foroa) .

    C.- EUSKAL AUTOGOBERNUAREN ETORKIZUNA .

    2013 urteko lehen seihilekoan, Eusko Legebiltzarrean, euskal autogobernuaren etorkizunaren inguruko proposamena egiteko Lan-taldea eratuko da .

    Ekimena eginda, Lan-taldean ordezkatuta egongo den talde bakoitzak ospe oneko jurista biren parte hartzea planteatuko du, aurkeztutako agiria aztertzeko eta adostutako gaien inguruko testua egin ahal izateko. Aditu talde honen lana amaituta egongo da eta ondorioak amaituta eta entregatuta, gehien jota, urte beteko epean.

    Lan-taldeak, lortuko diren adostasun puntuen arabera, artikuludun testua egingo du, tramitatua eta onartua izango dena, euskal gizarteak bere onespena eman diezaion.

85 orrialdetik 1.a

Agiri gehiago

Hemeroteka

nondik  noiz arte
  • Hitzarmena
  • Alderdi Berriak
  • Audio
  • Kartela
  • Kurrikulumak
  • Mintzaldia
  • Discurso de Iñigo Urkulu
  • Dokumentoak
  • EBBren agiriak
  • Dosierra
  • Elkarrizketak
  • Autonomi Estatutua
  • Estatutuak
  • Ekimenak
  • Interpelazioa.
  • Hitzaldia
  • Jardunaldiak
  • Manifestua
  • Prentsa oharra
  • Iritzia
  • Hainbat agiri
  • Plana
  • Txostenak
  • Egitasmo Politikoa
  • Egitarauak
  • Propuestas
  • Aldizkaria
  • Tmp
  • V Batzar Nagusia
  • VI Batzar Nagusia
  • Bideoak

Praktika eredugarriak

Elkarrizketak

2012/11/11

"Quizá no sea un buen tiempo para pactos y en unos meses sea diferente"Gehiago irakurri

Iñigo Urkullu  (Deia)

Iritzia

2013/05/10

“CATALUNYA FRENTE AL MURO CONSTITUCIONAL”Gehiago irakurri

Xabier Ezeizabarrena  (El Diario Vasco)